Ciencia Show 2017

Asier Fernandez izan da Ciencia Show 2017 monologo zientifikoen lehiaketaren irabazlea. Monologoa Naukas 2017n aurkezteaz gain, Suitzan dagoen CERN instalazioa bisitatzeko aukera izango du sari gisa.

Ciencia Show 2017ko bost finalistak. Argazkilaria: Iñaki Andrés

Euskalduna Jauregiko Barria Salan izan da final handia irailaren 14an eta Bizkaira 10 zientzia egun ekarriko dituen Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) makroebentoaren lehenengo ekitaldia izan da.

Kultura Zientifikoko Katedrako Uxune Martínezek, UPV/EHUko Miren Bego Urrutiak eta Big Vaneko Elena Gonzálezek osatutako epaimahaiak epaitu ditu bost finalistek, DBHko 3. Maila eta Batxilergoko 2. Maila arteko ikasleak denak, aurekeztutako monologoak.

Héctor Andrés izan zen eszenatokira igotzen lehenengoa, teknologiari buruz eta honek dituen arazoei buruzko “Tecnoilógico” monologoarekin. Gorbeiako artzaia izateko gogoa aitortuta bukatu zuelarik.

Madriletik etorritako Ana Salamanca izan zen hurrengoa. “No me seas procariota” monologoaren bidez diren zelulen eta haien arteko ezberdintasunei buruz hitz egin zuen, bakterioak (kokoak, hain zuzen) eta Barrio Sésamo telesaila lotzea ere lortu zuen.

Gerora irabazle suertatuko zen Asier Fernández bizkaitarra izan zen hirugarren. Fisikatik hasi eta teknologia edo motorrak bezalako gaiak lotuz eraiki zuen “Límites tienen el que se los pone” monologoa.

Lorea Elgorriaga, bizkaitarra hau ere, izan zen oholtzan hurrengoa eta “El supermétodo científico” monologoaren bidez metodo zientifikoa zer den eta zelan konturatu gabe egunerokoan erabiltzen dugun azaldu zuen.

Fuerteventuratik etorritako Elena Nasima Santana izan zen eszenatokira igotzen azkena. Jeni eta Joniren arteko maitasun harremana baliatuta maitasunaren kimika azaldu zuen “All you need is… Química” monologoan.

Umoreari eutsiz, komunikazio sistema binarioen funtzionamendua azaldu zuen Big Vaneko Alberto Vivók epaimahaikideek deliberatzen zuten bitartean.

Informazioa azaltzerako orduan argitasunez egitea eta karisma izan ziren epaimahaikideek kontuan izandako alderdiak, baina bereziki hartu zuten aintzat edukia. Monologo irabazleak gai eta alor oso ezberdinak modu koherentean lotu izana azpimarratu zuten epaimahaikideek.