Zientzia eta bertsolaritza batu zituen Bizkaia Zientzia Plazako Jakinduriek mundua erreko dau! (#bertsozientzia) azken ekitaldiak
Kike Amonarrizen gidaritzapean izan ziren Jakinduriek mundua erreko dau! ekitaldiaren lau saioak; zientzia, bertsoak, errima, metrika eta umorea uztartuta gaurkotasun zientifikoa ekarri zituztenak.
Ondarroan izan zen bertsozientzia lau saioetako lehena irailaren 21ean. Bertan bildu ziren Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak Oskar Gonzalez, Josu Lopez-Gazpio eta Leire Sangroniz kimikariekin.
Kolore urdinaz eta kolore gorriaz aritu zen Oskar Gonzalez kimikaria, oholtza gainean lehena. Leire Sangroniz izan zen hurrengoa, tiritei eta polimeroei buruz. Komuneko gaiak ekarri zituen Josu Lopez-Gazpiok, tapa jaitsi behar da? Zergatik? Galdera hauek eta pigmentuei eta polimeroei buruzko hainbat daturekin uztartu ziren Miren Amurizaren, Amets Arzallusen eta Andoni Egañaren bertso saioak.
Hurrengo egunean, irailak 22, berriro ere izan genituen Josu Lopez-Gazpio eta Oskar Gonzalez kimikariak, oraingo honetan Leire Sangroniz barik, bere ahizpa Ainara etorri zelarik polimeroen inguruan hitz egitera Getxora. Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Amets Arzallus izan ziren kasu honetan errima jartzearen arduradunak.
Igorren egin zen hirugarren saioa irailaren 23an, Jon Larruskain Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua, Elena Lazkano robotika mugikorra arloko ikertzailea eta Bittor Rodriguez Elikagaien teknologian doktorea izan ziren hizlariak. Dopin genetikoaren inguruan aritu zen Jon Larruskain, zelan sor daitezkeen superkirolariak. Elena Lazkano, bere aldetik, robot sozialei eta haien garapenari buruz aritu zen. Azkenik, Bittor Rodriguez dietari buruz eta janari ez osasuntsuak zergatik jaten ditugun argitu zuen. Hori dena Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbioren bertsoekin uztartuta.
Bilboko Kafe Antzokian izan zen ekitaldiaren azken saioa irailaren 24an.
Pasa den maiatzean Bilboko itsasadarrean igeri egindakoek hartutako leptospirosia izan zuen hizpide Miren Basaras mikrobiologoak. Jone Uria matematikariak, bere aldetik, bertsoetako errimaren distantzia matematikoaz aritu zen eta, azkenik, Juan Ignacio Pérez biologoak altuera handietan ibiltzen diren hegaztiei buruz egin zuen hitzaldia. Haiekin batera izan ziren Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariak arratsaldeari errima eta metrika jartzen. Hona saio osoa: