Naukas Pro 2017

Leporaino bete zuen Barria Aretoa lehenengo aldiz egin zen Naukas Prok. Naukas 2017 ekitaldiari hasiera emateaz gain, zientzia -ikertzaile eta -profesionalen bederatzi hitzaldi ekarri zituen.

 

 

Carlos Briones, Centro de Astrobiología (CAB-INTA/CSIC)etik etorritakoa, izan zen ekitaldiari hasiera eman ziona. Bere lanaren egunerokotasuna eta dituzten helburuak (haien artean LUCAren osteko bizitzaren dibertsifikazioaren jatorria ulertzea) azaltzeaz gain, RNAren garrantzia azpimarratu eta DNAri neurriz kanpoko balioa eman izana salatu zuen bere hitzaldian.

Leni Basconesen eskutik izan zen bigarren hitzaldia. Instituto de Ciencia de Materiales de Madrid insituzioan egiten du lan eta kontsumo energetikoa garai honetako erronkarik handienetako gisa aurkeztu zuen. Segidan supereroaleekin egiten duen lana eta topatu dituzten desafioak, tenperaturarekiko duten limitazioa, esaterako, azaldu zituen.

Javier S. Burgos neurozientifikoa izan zen oholtzan hurrengoa, Alzheimerrari buruz eta gaixotasun honen inguruan, bai diagnostikoan baita tratamenduan ere, egiten ari diren ikerketen inguruan aritu zen.

Honen ostean robotikari buruzko hitzaldia aurkeztu zuen Julián Estévez Grupo de Inteligencia Computacional de la UPV/EHUko ikertzaileak. Makina bati zelan irakasten zaion edota robotika soziala bezalako gaiak azaldu zituen, baita zer-nolako aplikazioak izan ditzaketen.

Laboratorio de Células Madre en Cáncer y Envejecimiento (IDIS-CHUS)etik etorritako Manuel Collado izan zen atsedenaldiaren osteko lehen hizlaria. Ama zelulak, zahartzea, minbizia eta haien arteko harremanaz aritu zen ikertzailea.

Neiker-Tecnaliako Animalia Produkzioko departamentuan lan egiten duen Inma Estévez zoologoa izan zen hurrengoa. Produkzio eraginkor eta jasangarria lortzeko elikagaien zientzian egiten duen lanaz eta, zehazki, oiloekin eta arrautzekin egiten duen ikerketa azaldu zuen.

Entzuleei zuzendutako ikusmen ariketa praktiko batekin hasi zuen Lluís Montoliúk, Centro Nacional de Biotecnologían lan egiten duena,  bere hitzaldia. Ikusmen arazoetatik hasita albinismora egin zuen bidea, ikertaldearekin batera ikertzen duen gaitza, albinismoa sortzen duten geneak, zehatz mehatz.

Lourdes Basabe UPV/EHUko mikrofluidikako klusterraren eta Centro de Investigación Lascaray ikergunearen parte da eta ikerketaren alorrean egiten duten lana azaldu zuen. Mikroteknologiak garatzeko bidea eta, kasu konkretu honetan, mikrofluidikarekin lotutako teknologiez gain, aplikazioak ere ikertzen dituztela azaldu zuen.

Ekitaldia itxi zuen Amaia Zurutuza Grapheneako zuzendari zientifikoak. Grafenoarekin egiten duen lanaren inguruan aritu zen, produkzioan eta ikerketan. Nahiko material berria da grafenoa eta, beraz, alor askotan ari da honekin ikertzen, baita aplikazio posible asko.