Bigarren urtez Bizkaia Zientzi Plazan bat egin zuten bertsolaritzak eta zientziak.
Hiru emanaldi egin ziren Kike Amonarrizen gidaritzapean: irailaren 20an Ondarroan, irailaren 21ean Durangon eta irailaren 29an Igorren.
Lepo bete zen Ondarroako Beikozini Kafe Antzokia Onintze Salazarren “Eguraldiaren soinuak”, Jon Larruskainen “Futboleko lesioen lezioak” eta Oskar Gonzalezen “Begiak ikusten ez duena kimikak antzematen du” hitzaldiak ikusi eta entzuteko.
Onintze Enbeita eta Igor Elortza izan ziren bertan, zientzialariek esandakoiei puntua ematen.
Robotak, dirua eta burugabekeriak izan ziren Durangoko Plateruena Kafe Antzokian zientzialariek landutako gaiak. Olatz Pérez de Viñasprek “Robotek ere aurreiritziak dituzte” hitzaldia egin zuen, Leire Sangronizek “Txin-txin txin-txin, diruaren hotsa” eta Josu López-Gazpiok “Burua galtzen denean…”.
Eta haiei errima eta erritmoa jartzen Jone Uria eta Aitor Sarriegi bertsolariak.
Igorreko Lasarte Aretoan egin zen azken emanaldia, berriro ere hiru zientzialari eta bi bertsolarirekin. “Jupiterreko haizeak… bai ilea harrotu!”,
“Burua galtzen denean…” eta “Eguraldiaren soinuak” hitzaldia egin zituzten hurrenez hurren Naiara Barradok, Josu López-Gazpiok eta Onintze Salazarrek. Jon Maia eta Miren Artetxe bertsolariak izan ziren haiekin batera.