Irué González izan da Ciencia Show 2019 monologo zientifikoen lehiaketaren irabazlea. Monologoa Naukas 2019n aurkezteaz gain, Suitzan dagoen CERN instalazioa bisitatzeko aukera izango du sari gisa.
Euskalduna Jauregiko 0C aretoa leporaino bete da irailaren 19an egindako Ciencia Show monologo finalerako. Miren Bego Urrutia UPV/EHUko ikerkuntza gizartean zabaltzeko zuzendaria, Big Vaneko Elena González eta Eder Amayuelas kristalografian doktorea izan dira sei finalisten monologoak epaitu dituztenak.
Parte hartzaile guztiak DBHko 3. maila eta Batxilergoko 2. maila arteko ikasleak dira eta hain justu irabazlea izan den Irué González izan da lehena eszenatokian. Boluntario baten laguntzaz korden teoriaren inguruko monologoa egin du. Bere ostean Asier Albizua igo da eszenatokira, bere katuak fisikari buruz asko dakiela azaltzen. Hirugarrena oholtzan Alejandro Jimenez Calvo izan da eta pertsona ez humanoen inguruan hizketan ibili da, beti umoreari eutsita. Hurrengo protagonista “Schrödinger arraroa” izan da, Jokin Menaren monologoaren eskutik. Fisikarekin jarraituz, egoera fisikoak izan ditu hizpide Silvia Lauciricak eta, lehiaketari amaiera ematen, maitasuna eta zuloak nahastu zituen eszenatokian azkena izan zen Luis Ganemek.
Epaimahaikideek deliberatu bitartean Big Vaneko Alberto Vivó ibili da eszenatokian hainbat kontu zientifiko azaltzen, umorearen eskutik, betiere. Irabazlea iragartzean kontuan izandako irizpideak ere azaldu dituzte epaimahaikideek: informazioa azaltzerako orduan argitasunez egitea eta karisma, baina bereziki edukia hartu dute aintzat.