
Bidebarrieta zientifikoa
Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren denboraldi berria irekiko da irailaren 17an. Asteazken horretan, Jesús Álvarez-Herms fisiologoak Kilian Jornet atletaren adibidea hartuko du osasun sistemikoaz hitz egiteko, gizakiaren potentzial biologikoaren oinarri gisa.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatutako zikloaren bigarren ekitaldia 24an izango da. Egun horretan, Irati Mitxelena CIC bioGUNEko doktoratu aurreko ikertzaileak eta luzera-jauzilariak eliteko kirolari gisa izan duen esperientzia azalduko du.
Egitaraua
La salud sistémica como base de desarrollo del potencial biológico humano. El ejemplo de Kilian Jornet (Osasun sistemikoa gizakiaren potentzial biologikoa garatzeko oinarri gisa. Kilian Jornet-en eredua)
Jesús Álvarez-Herms, Bartzelonako Unibertsitatean Fisiologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitatean Biomedikuntzan doktorea
Zerk bihurtzen du aparta kirolari bat? Zeintzuk dira eliteko atletek konpartitzen dituzten ezaugarri fisiologikoak eta metabolikoak, esate baterako Everest oxigenorik gabe eta sei egunen buruan bi aldiz igo zuen Kilian Jornet mendi-lasterkari bikainarenak?
Jesús Álvarez-Herms fisiologoak Jorneten ibilbidearen erronkarik gogorrenetakoentzat elikadura programak diseinatu ditu. Garaipenak eta errekorrak lortu ditu atleta katalanak, besteak beste, UTMB, Hardrock 100, Zegama-Azkorri (2022) eta Sierre-Zinal (2023) ospetsuetan, edota 2024an Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 tontor igotzean 19 egunetan bakarrik eta mendi batetik bestera hurbiltzeko ibilgailurik erabili gabe. Horri esker, datu fisiologikoak, metabolikoak eta mikrobiotikoak jaso ahal izan ditu, Jorneten osasun-egoerari jarraipen sakona eginez.
“Osasun sistemikoa gizakiaren potentzial biologikoa garatzeko oinarri gisa. Kilian Jorneten adibidea” izenburupeko hitzaldi-solasaldian landuko ditu gai hauek Álvarez-Hermsek irailaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Jasotako datuak interpretatuz, hitzaldian osasun sistemikoari eta gizakiaren potentzial biologikoari buruz duen enfokea azalduko du Álvarez-Hermsek. Gorputza interkonektatuta dagoen osotasun bat dela dio fisiologoak, sistema bakoitzaren funtzionamenduak –zirkulatorioa, digestiboa, arnasketakoa…– osotasunean eragiten duelarik. Álvarez-Herms-ek berak azaltzen duen bezala, planteamendu honekin “paradigma aldaketa bat bultzatu nahi du osasunaren eta gizakiaren errendimendu fisikoaren arloan”.
Luzera-jauziko entrenamendua: helburua, plangintza eta antolaketa
Irati Mitxelena, atleta eta doktoratu aurreko ikertzailea CIC bioGUNEn
Luzera-jauzian, lasterketa eta azken bultzada baten ondoren egindako jauzian, atleta ahalik eta distantziarik handiena lortzen saiatzen da plano horizontalean. Antzinako Grezian du jatorria atletismo diziplina honek; olinpiar jokoetan heroi mitikoen lorpenak berdindu nahian egiten zen.
Emozioa eta erronka gutxik bezala batzen dituen kirola da luzera-jauzia. Abiadura, indarra, teknika, malgutasuna eta koordinazioa behar dira. Honekin guztiarekin batera, ez hetsitzea eta minik ez hartzeko prebentzio lana egitea ezinbestekoak dira kirol honen gailurra lortzeko.
Diziplina honen hainbat gako partekatzeko asmoarekin, Irati Mitxelena atletak “Luzera-jauziko entrenamendua: helburua, plangintza eta antolaketa” izenburua duen hitzaldia eskainiko du irailaren 24an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
100 metroko lasterketan Gipuzkoako errekorra edukitzeaz gain, Mitxelena luzera-jauziko Espainiako txapelduna izan zen 2022an. 6,65 metroko marka du diziplina honetan. Honekin batera, neurozientzian ikerlari da donostiarra.
Hitzaldian, maila goreneko kirolari bezala duen esperientziaren berri emango du, entrenamenduak nola antolatzen dituen, errendimendua handitu ahal izateko nola indarberritzen den eta lesioak nola ekiditen dituen azalduz.