Bidebarrieta zientifikoa 2022

Bidebarrieta Liburutegia
21/09/2022
19:00

Maia García Vergniory, DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikari eta ikertzaileak eta Kepa Acero surflariak, «Olatu baten istorioak» hitzaldia eskainiko dute.

Surfa egiten duen norbait iragarpenei begira dagoen bakoitzean, fenomeno fisiko desberdinak aztertzen ari da. Testuinguru horretan, Maia García Vergniory zientzialaria eta Kepa Acero surflaria, biak Getxokoak, honako gai hauei argia ematen saiatuko dira: olatu batzuk zergatik zabaltzen diren eta beste batzuk zergatik ixten diren, zer dela eta batzuetan serie edo sorta bat osatuz hurbiltzen diren eta beste batzuetan, aldiz, ez; edo itsasaldiek, haizeak eta itsas hondoak zer paper jokatzen duten surfean. Galdera horiek erantzuteaz gain, surfak zientziarekin ere zerikusia duela erakutsiko dute bi hizlariek.

Hitzaldi-solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan kokatzen da. Bertatik bertara ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere KulturguneaTB kanalaren bidez.

Sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Egitaraua