
Zineforuma
El enigma Agustina dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia
El enigma Agustina dokumentala proiektatuko da Bilboko Bizkaia Aretoa-EHUren Mitxelena aretoan. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte. Dokumentala FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak eta IAA-CSIC Andaluziako Astrofisikako Institutoak finantzatutako ikus-entzunezko ekoizpena da.
XX. mendearen lehen hereneko Europako zientziaren lorpen nabarmenetako batzuk errepasatzen ditu filmak, Agustina Ruiz Dupont pertsonaiaren bidez. Granadako Almuñecar udalerrian jaio eta Parisen hazitako fisikari honek lehen mailako ikertzaile bihurtzea lortu zuen eta bere garaiko zientzialari europar garrantzitsuenekin egon zen kontaktuan.
Ordura arte berari buruzko erreferentzia historikorik ez bazegoen ere, Albert Einstenek eta Marie Curiek sinatutako gutun batzuetan bai aipatzen zen Ruiz Dupont eta, aipamen haietatik abiatuz, dokumentalaren egileek zientziaren historian zehar ibilbide bat egin dute, fisika edo kimika bezalako diziplinen garapenerako funtsezkoa izan zen garaia islatuz. Espainian zientzia nolakoa izan zitekeen hausnartzeko ere balio du filmak; izan zitekeena baina, gerragatik eta erregimen frankistagatik, izan ez zena. Emakumezkoek gizonezkoen mende zegoen mundura iristeko egindako borroka ere kontatzen digu dokumentalak.
Emilio José García Gómez-Caro eta Manuel González García astrofisikoek zuzendu dute proiektua. García Gómez-Caro IAA-CSICeko komunikazio burua da eta González García Granadako Zientzien Parkeko egitasmoen eta programen kudeatzailea. Dokumentalaren protagonista Natalia Ruiz Zelmanovitch da, CSICek eta INTAk sortutako Astrobiologiako Zentroaren (CAB) Kultura Zientifiko eta Berrikuntzako Unitateko arduraduna. Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, ordu erdiko solasaldia egingo da sortzaileekin eta protagonistarekin. Solasaldia Eva Caballero kazetariak gidatuko du, Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol irrati programako zuzendaria.
Egitaraua
El enigma Agustina dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia
- Dokumentalaren emanaldia: 90 minutu.
- Ondorengo solasaldia: 30 minutu.
- Parte-hartzaileak: Emilio Jose Garcia eta Manuel Gonzalez dokumentalaren egileak, eta Natalia Ruiz Zelmanovitch antzezlea.
- Dinamizatzailea: Eva Caballero, kazetaria eta Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol irrati programako zuzendaria.